Cate Blanchettek Donostia sarietako bat jasoko dau 72. Donostia Zinemaldian

Bizkaie! 2024-05-10 07:57   Zinemea

Aktore eta produktore australiarra kartel ofizialeko protagonista izango da.

Cate Blanchettek 200 errekonozimendu eta sari baino gehiago jaso ditu: Oscar bi (eta beste sei izentapen), Volpi Kopa bi Veneziako zinema-jaialdian, lau Bafta, lau Urrezko Globo, eta ohorezko César eta Goya bana, egile-filmak eta ikus-entzule guztiakana heldu nahi dauen zinemea buztartzen dituan ibilbide luzean. Aktore eta produktore australiarrak, besteak veste, Martin Scorsese, Terrence Malick, Steven Soderbergh, Steven Spielberg, David Fincher, Ridley Scott, Sally Potter, Wes Anderson, Alfonso Cuarón, Alejandro G. Iñarritu, Woody Allen, Gillian Armstrong, Taika Waititi, Peter Jackson, Todd Haynes, Richard Linklater, Jim Jarmusch, Guillermo del Toro, Adam McKay eta Todd Field zinemagileakaz lan egin dau.

Lehenengoz izango dogu australiarra Donostian, baina bere filmetako batzuk proiektau izan dira Zinemaldian, besteak beste, Babel (Alejandro G. Iñárritu, Perlak, 2007) eta Veronica Guerin (Joel Schumacher, Sail Ofiziala, 2003; Urrezko Maskorra irabazteko lehiatu zan).

Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia jaso dauen bigarren aktore australiarra da Cate Blanchett, Hugh Jackmani 2013an emon eutsielako.

Gustavo Papaleoren argazki batean oinarrituta José Luis Lanzagorta diseinatzaile grafikoak sortu dau posterreko irudia,

Zinemaldiak kartel-linea barria ezarri eban 2018an, zinematografia garaikidearen figura bat buru ebana

Isabelle Huppert, Penélope Cruz, Willem Dafoe, Sigourney Weaver, Juliette Binoche eta Javier Bardem izan dira irudi ofiziala Blanchetten aurretik. Aurten, José Luis Lanzagorta diseinatzaile grafiko donostiarra arduratu da kartela sortzeaz, Gustavo Papaleo argazkilariaren erretratu bat oinarri hartuta.

Lanzagortak gainerako sailetarako kartelak be sortu ditu. José Luis López de Zubiria argazkilariagaz batera, ilustrazinoa eta argazkia buztartzea erabagi dau; holan, zinemagile baten megafonoak papelezko ideak jaurtiten ditu New Directors saileko kartelean; transatlantiko batek kaktus formako kea botaten dau Horizontes Latinos sailekoan; boxeatzaile batek bonbilla baten harizpi goriaren kontra burrukatzen dau Zabaltegi-Tabakalera sailekoan; ugerlari bat nakarrezko altxorren bila dabil da Perlak sailekoan; kamera retro batek jaboizko burbuilak proiektetan ditu Nest sailekoan; marrubi bat abenturarako prest dagoan uharte bihurtu da Culinary Zinema sailekoan; eta sustrai-tximista batek Vicente Ameztoy euskal artisteari omenaldia egiten deutso Zinemira sailekoan. Aurten, Made in Spain sailak be kartela izango dau: anil urdin-kolorea egokitu jako eta krabelin-formako planeta bat esploretan dauen astronautea dauka protagonista, lore horrek Espainiako zinemearen unibersoa gogorarazoten baitau.

Kartel horreez gan, beste hiru be badira, Klasikoak ekimenaren barri emoten dabenak. Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak alkarlanean atontzen daben ekimen horrek dagoeneko martxan ziran hiru proposamen batzen ditu aitatu marka: Filmategiaren udabarriko zikloa, Zinemaldiaren atzerabegirakoa (aurten Italiako poliziesco generoari eskainia) eta Klasikoak saila.

Cate Blanchett

Cate Blanchett nazinoarteko aktore ospetsua, produktorea, arte-zuzendaria eta filantropoa da, eta oso konprometiduta dago kulturearen sektoreagaz. Dirty Films zinemako eta telebistako produkzino-etxeko sortzailea eta zuzendaria da, Andrew Upton eta Coco Francini bazkideekin batera. Proof of Concept programea abiarazo barri dabe, zinemagile barriei finantziazinoa, tutoretzea eta ikusgarritasuna emoteko. Blanchettek enpresa horregaz Warwick Thornton-en The New Boy (Perlak, 2023) lan saritua produzidu eta protagonizau eban. Era berean, Apple Original Films-en Fingernails (Sail Ofiziala, 2023) film luzearen zereginetan be egon zan, Christos Nikourena, Jessie Buckley, Riz Ahmed eta Jeremy Allen White aktoreek egina; baita Noora Niasari-ren Shayda debuteko lan sarituaren gorabeheretan be, Zar Amir Ebrahimik protagonizautakoa.

Dirty Films etxeagaz produzidu ditu Todd Haynes-en Carol, Todd Field-en Tár, Christos Nikouren Apples eta Mrs America, Emmy sarietarako 10 izentapen izan dituan FXren mini-telesaila. Gainera, Netflixerako Stateless telesaila produzidu eta lankidetzan sortu dau, AACTAren 13 sari eskuratu dituana. Audibleren Climate of Change podcast original saritua sortu eta produzidu dau eta Evolver, Tribecan estreinau eban errealidade birtualeko esperientzia interaktiboa, 2024ko Canneseko zinema-jaialdiko lehiaketan hautatu dabena.

Blanchetten interpretazino-lanen artean dagoz Tár, Nightmare Alley, Don’t Look Up, Ocean’s 8, Thor: Ragnorok, Carol, Blue Jasmine, I’m Not There, The Curious Case of Benjamin Button, Notes on a Scandal, The Life Aquatic, Indiana Jones and the Kingdom of the Crystal Skull, The Lord of the Rings eta The Hobbit trilogiak, The Good German, The Aviator, The Talented Mr Ripley eta Elizabeth. Sari ugari jaso ditu, artean, nabarmentzekoak dira lau Bafta, Oscar bi, hiru Urrezko Globo eta Aktore Sindikatuaren hiru sari.

2008 eta 2013 artean, Sydneyko Antzerki Konpainia sarituaren zuzendari artistiko eta zuzendari exekutiboa izan zan Andrew Uptonegaz batera. Alkarregaz, urtean hamasei ikuskizun produzidu ditue.

Blanchettek eta Uptonek Green Globe saria jaso eben, Sydneyko Antzerki Konpainia munduko kultur erakunde ekologikoenetako bat izateko egindako lanagaitik.

Cannesko eta Veneziako zinema-jaialdietako epaimahaiburu izan da eta Veneziako zinema-jaialdiak interpretazino onenaren Volpi Kopea emon deutso birritan. Londresko zinema-jaialdiak BFIren ohorezko kide izentau eban, bikaintasun zinematografikoaren Stanley Kubrick saria jaso dau eta izar bat dauka Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan. Horrezaz gan, Ohorezko César saria, Nazinoarteko Goya saria eta Chaplin saria emon deutsee. Blanchett izenrtau dabe Chevalier de l'ordre des Arts et des Lettres; Companion of the Order of dAustralia; Mendeurreneko Domina Australiako gizarteari egindako zerbitzuengaitik; eta Hegoaldeko Gales Barriko Unibersidadeko, Sydneyko Unibersidadeko eta Macquarie Unibersidadeko honoris causa doktore.

Kontuak kontu, Ingalaterrako landa-inguruan bizi da bere senarragaz, lau seme-alabakaz, hiru txakur, katu bi, txarri eta oiloak tarteko diralarik.

José Luis Lanzagorta

Diseinatzaile grafikoa, musikaria eta kulturearen sektorean esperientzia zabala dauen Estudio Lanzagortaren sortzailea eta sormen-zuzendaria da. Bezeroen artean ditu Koldo Mitxelena Kulturunea, Tabakalera, San Telmo Museoa, Kutxa Fundazinoa, Donostiako Jazzaldia, Kursaal Fundazinoa, Donostiako Musika Hamabostaldia, Euskadiko Orkestrea, Warner Music, Sony Music eta Get In. Orquesta Mondragón, Puskarra eta Amateur musika-taldeen sortzaileetako bat izan zan, baita Donostiako La Buena Vida pop-taldearen kideetako bat be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu