Uriko auzoen historia, memoria eta sekretuak ezagutzen

Bizkaie! 2024-05-02 09:24   jardunaldiak

Otxarkoaga, Abando, San Inazio eta Zabalako Udaltegietan proiekzinoak eta hitzaldiak atondu dira.

Uriko auzoen historia eta ondarea zabaltzeko helburua dauen Bilbao Izan udal-programeak, proiekzino eta hitzaldi zikloa atondu dau maiatzan zehar. Horrezaz gan, bisita gidatuak, Txio Ta Txio bideo laburren bildumearen edizino barria eta Argazkineta proiektua egingo dabe.

Udal ekimen horren barrikuntzak, Justo Ezenarro Kultura zuzendariordeak eta Nagore Zuazo Corral Bilbao Izan programearen arduradunak aurkeztu ditue. Bilboko auzoek gaur egun arte izan daben eraldaketa nolakoa izan dan erakusten jake herritarrei, gertaera historiko garrantzitsuak gogorarazoz eta lehen personako bizipenak nabarmenduz.

Auzoen historia hitzaldi eta bideoetan

Otxarkoaga, Abando, San Inazio eta Zabala auzoetan egingo da Iraganeko historia egungo memorian proiekzino eta hitzaldi zikloa, maiatzaren 7, 8, 14 eta 15ean hain zuzen be.

Ekimen horren helburua auzo horreen historiaren hainbat alderdi modu atseginean ezagutarazotea da. Lehenik eta behin, Txio Ta Txio serieko bideoak proiektuko ditue; garaiko pasadizoak, gertaerak eta bitxikeriak batzen dauena.

Ondoren, lau auzoen historia kontauko daben hitzaldiak emongo ditue, bakotxa ikuspegi ezbardin batetik: bizipen personala Otxarkoagaren kasuan, Abandoko Eleizateari buruzko ikerketea eta dokumentazino lana, San Inazio eta Elorrietaren argazki zahar ugarien erakusketea eta, azkenik, ariketa kolektibo baten bidez, Zabalako trenbideen auzoaren eraikuntzearen mendeurrenaren oroitzapena egingo da.

Bisita gisatu antzeztuak

Maiatzeko bigarren hamabostaldian eta urrira arte, Bilbao Izan programearen bigarren ekimena egingo da: Gure auzoak eszenara izenekoa. Ohiko bisita gidatuei antzerki kutsua emongo deutse; Antzeztuko 8 ibilbide dira Zorrotza (maiatzeko bigarren hamabostaldia), Indautxu (bagileko lehen hamabostaldia), Otxarkoaga (bagileko bigarren hamabostaldia), Iralabarri (garagarrileko lehen hamabostaldia), Uribarri (garagarrileko bigarren hamabostaldia), San Adrian (iraileko lehen hamabostaldia), Begoña (iraileko bigarren hamabostaldia) eta Deustu (urriko lehen hamabostaldia) auzoetan.

Aire zabaleko bisita gidatuak dira, oinezkoak eta dobakoak, personaia karakterizatuak eta irudikatzen daben garaiko jantziekaz. Ibilbide horreen bidez, auzoen historia eta garapena ezagutarazoko da.

Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena emotea hemen.

Txio Ta Txio bideoak

Aurten, Deustuko eta Begoñako eleizateen anexinoaren mendeurrena izango da. Halanda ze, Txio Ta Txio bideoek, bertako pasadizo, istorio edo gertaera txikiak ezagutzera emongo ditue, ikusteko eta partekatzeko formatu atseginean. Irailetik aurrera aurkeztuko dira bideoak, udalaren sare sozialetan.

Argazkineta

Monte Caramelo, Masustegi eta Altamira aukeratu ditue Argazkineta proiektuarako. Betiko lez, Bilboko auzoetan produzidutako material dokumentalaren eta oroigarrien bilketa selektiboa egingo da.

Hiru auzoetako etxeetan gordetzen dan material guztia batu, digitalizau eta konserbatzearen garrantzia nabarmentzen dauen ekimenaren seigarren edizinoa izango da. Horrezaz gan, herritarrek istorioak, oroitzapenak, testigantzak eta gertaerak kontatzeko aukerea izango dabe, batutako eta digitalizautako informazinoa osotzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu