Zabaldu da UPV/EHUko Uda Ikastaroetan izena emoteko epea

Bizkaie! 2024-04-24 12:19   Kulturea

Ezagutzearen Alde ikuspegi barriak esploretako aukerea eskaintzen dabe UPV/EHUko Uda Ikastaroek.

Laura Poderoso, Eva Ferreira eta Itziar Alkorta. | Ikusi handiago | Argazki originala

Uda Ikastaroen 43. edizinoa Bilbon aurkeztu dabe, BBVA Fundazinoaren egoitzan: Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazinoaren zuzendariordeak eta, Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aurtengo edizinoari buruzko zertzeladak azaldu ditue.

Bagilaren erdialdean hasi eta irailaren amaierara ia 200 jarduera programau dira. Ikastaro multzorik handiena Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo da eta, urietatik harago Arantzazu, Azpeitia, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Gernika, Hondarribia, Lesaka, Ordizia, Plentzia eta Zaldibiara zabalduko da eskaintzea.

Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak nabarmendu dauenez, Euskal Herriko Unibersidadeko Uda Ikastaroentzat gizarte-eragina ezinbestekoa da. Sinisten dogu hezkuntzeak personen bizitzan eta gizartearen garapenean dauen garrantzian. Horregaitik, prestakuntza formalagaz batera, gure konpromiso soziala zabaltzen dogu hausnarketa, eztabaida eta arreta akademikoa egungo erronka eta arazoetara bideratzen dituan ekimen honen bidez.

UPV/EHUren Uda Ikastaroak Fundazinoa (UIK) ezagutzearen behatoki dinamikoa da eta, jakintzearen transferentzian lanean dabizen mueta guztietako erakunde eta norbanakoakaz alkarlanean programau dira ikastaroak. Gizartean eraldaketea sustatzeko asmoz, garaiko erronka nagusiak identifikau eta horreen inguruko hausnarketa eta ezagutzearen transmisinoa ahalbidetzen dira Uda Ikastaroen bitartez.

Proiektu hau egikaritzeko ezinbestekoa da Eusko Jaurlaritzearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta BBVA Fundazinoaren babesa.

Gizarteko arlo guztietako eragileen eta herritarren alkargune dira UPV/EHUren Uda Ikastaroak eta, horri esker ezagutza mueta guztiak gurutzatzea ahalbidetzen da. Itziar Alkorta UIK-ko Zuzendari Akademikoaren eretxiz, akademikoak, zientzialariak, enpresariak, langile profesionalak, administrazinoko ordezkari eta beharginak, gizarte eragileak, belaunaldi ezbardinak, guztiak batu nahi ditugu ezagutzearen plazan eta helburu horri eutsiz hartzaile guztien intereseko programea atondu dogu askotariko eragileakaz alkarlanean.

Garaiko desafioak oinarri hartuta, askotariko gaiak izango dira aztergai Uda Ikastaroetan. Ziklo estrategikotan ardaztu dira ikastaroak eta aurtengo eskaintzan bereziki nabarmendu dira Kultura eta Artea zikloari lotutako ikastaroak, besteak beste, Gizartea, Hezkuntzea, Zientzia eta Teknologia, Osasuna, Zuzenbidea zein Ekonomia eta Enpresari jagokozanak.

Bizi dogun aro hau ezin da ulertu adimen artifiziala eta iraunkortasuna gogoan hartu barik barik. Egunerokoan arlo guztietan zehar eragiten dabizen faktore garrantzitsuak dira biak ala biak eta, honenbestez, ikastaroetako programak arakatzean antzemongo danez, zeresan handia eragingo dabe 2024ko UPV/EHUko Uda Ikastaroetan.

UIK munduan

Ezagutzearen transferentzian nazinoarteko ikuspegia estrategikoa da UIKrentzat. Atzerriko aditu eta ikasleen ekarpena esanguratsua da eta ikuspegi hori oinarri daben ikastaro moltsoa dago aurtengo eskaintzan, besteak beste, Nazinoarteko hartu-emonei buruzko zuzenbideko Ikastaroak izango dira; Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Estadu Iberoamerikarren Erakundeagaz (OEI) lankidetzan eraldaketa digitala eta hezkuntzearen etorkizuna: erronkak Euskadin eta Iberoamerikan ikastaroa egingo da; nazinoarteko ospea daben irakasleen eskutik atzerriko ikasleek euskal gizartea bertatik bertara ezagutzeko Basque Culture International Summer School atondu da; eta, aurrez aitatu bezela, Gernikako bonbardaketearen errepresentazino kulturalen eta Pablo Picassoren koadroaren eguneratze eta fenomeno transmedialei buruzko nazinoarteko kongresua eta migrazinoak, identidadea, arrazakeria eta bizikidetzeari buruzko kultura, komunikazino eta garapenaren 15. nazinoarteko topaketea egingo dira, besteak beste.


Matrikulazinoa

Apirilaren 23tik ikastaro bakotxa hasi arte. Emon izena hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu