Martxan da Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoen Basque Artist Program

Bizkaie! 2024-05-02 12:34   Kulturea

Hautagaitzak datorren bagilaren 12ra arte aurkeztu daitekez.

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek martxan jarri dabe EAEko artistek New Yorken egonaldia egiteko programearen zortzigarren deialdia. Egonaldia urrian gauzatuko da eta hautagaitzak Museoaren webgunearen bitartez aurkeztu daitekez gaur hasi eta datorren bagilaren 12ra bitartean. Hurrengo fasean, aurkeztutako hautagaitza eta material guztiak aztertuko ditue museo bietako arte-ardura taldeek.

Basque Artist Program ekimen honetan bi izango dira New Yorken lau astez egoteko aukerea izango daben EAEko artista hasibarriak. Han gertutik ezagutu ahal izango dabe uriko arte-giroa, baita beren gaitasunak indartzeko eta helburuak finkatzeko aukerea be. Partaideek New Yorkeko arte-munduan dabizen artisten, arte-arduradunen eta erakundeen jardunaren barri jasoko dabe Solomon R. Guggenheim Museum-eko profesionalen eskutik. Aste horereetako mantenu-gastuei aurre egin ahal izateko, hautatutako artista bakotxak 3.000 dolarretako diru-laguntzea jasoko dau.

Gaurdino 18 izan dira Basque Artist Program ekimenean parte hartu daben artista gazteak: Karla Tobar eta Alain Urrutia (2015); Cristian Villavicencio eta Diego Vivanco (2016); Gala Knörr eta Maite Pinto (2017); Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi (2018); Raquel Asensi eta Jon Gorospe (2019); Alejandra Bueno, Mikel Escobales, Amaia Molinet, Beñat Krolem eta Fabro Tranchida (2022); Verónica Domingo, Jorge Isla eta Claudia Lorenzo (2023).

Artista hasibarrientzako egonaldi-programa hau, baita Museoak urtero EAEko ikasleentzat martxan jarten dauen beka-programea be, Guggenheim Bilbao Museoak Solomon R. Guggenheim Foundation-egaz 2014ko abenduan sinatutako Kudeaketa Akordioaren barritzearen parte dira; barritze horrek erakunde bien arteko lankidetzan sakontzen dau hainbat proiekturen bidez.

Interesdunek oinarriak ikusteko eta bagilaren 12ra bitartean izena emoteko aukerea dabe hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu