San Mamesek Europako errugbirik onena hartuko dau 2026an

Bizkaie! 2024-02-01 08:47   Kirola

EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026ko finalak izango dira Bilbon.



Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzeak, errugbi-federazinoakaz eta Athletic Clubegaz batera egindako alkarlanari esker, San Mames estadioan jokatuko dira barriro kluben arteko Europako errugby-txapelketa nagusiak: EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026.

Cardiffeko Principality Stadium ikonikoan egindako ekitaldian, European Proffesional Club Rugby (EPCR) erakundeak ezagutzera emon dau non jokatuko diran 2025eko eta 2026ko finalak. Euskal erakundeetako ordezkariak bertan izan dira, hain zuzen be, Cristina Múgica, Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasunerako eta Kanpo Sustapenerako Zuzendaria, eta Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotzia.

EPCR erakundeak The Sports Consultancy-egaz batera egindako lizitazino-prozesuaren ostean (hamabi herrialdetako 23 estadioren eskaintzak jaso ditue), EPCR erakundearen Batzarrak erabagi dau EPCR Challenge Cup 2026 eta Investec Champions Cup 2026 txapelketak esleitzea ezin hobeto horniduta dagoan Bilboko San Mames estadioari. Bestalde, Galesko uriburuko Principality Stadiumek, 74.000 ikusle hartzeko lekua dauenak, datorren urteko errugbi-finalak hartuko ditu.

Nazinoarteko errugbia Bizkaira bueltauko da. Zaleentzako eta lurraldearentzako albiste parebakoa izateaz gan, Bilbo Bizkaia nazinoartean kokatzeko aukerea emoten daben ekitaldiak atondu eta erakarteko erakundeek egindako lan onaren autortzea be badakar, izan be, horri esker gizartean arrastoa, legatua, ixtea da asmoa adierazo dau Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak: Abegikortasuna, harrera-gaitasuna eta kirol-alkarte zein kluben eta, oro har, herritarren inplikazinoa dira baloretan diran aktiboak eta ondo kokatzen gaitue beste lurralde batzuekaz lehiatzeko orduan. 2026an Bilbok eta Bizkaia osoak errugbiko finalez gozetako aukerea izango dogu eta beste behin kapaz izango gara jenteari erakusteko zer garen eta konpartiduteko zer daukagun, esan dau ahaldun nagusiak.

Aukera parebakoa izango da San Mamesen bigarren aldiz maila goreneko errugbia ikusteko. Pozarren gagoz eta EPCR erakundeari eskerrak emon nahi deutsaguz nazinoarteko kirol-ekitaldi hau hartzeko Bilbo uria aintzat hartu eta erakutsitako konfidantzeagaitik; 2018an izandako erantzun bikaina lortzea espero dogu gitxienez, adierazo dau Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko Zinegotziak: Zintzotasuna, pasinoa, alkartasuna, diziplina, errespetua, talde-lana, kiroltasuna eta ahaleginaren kultura errugbiari lotutako balioak dira eta gure urian be horreen alde egiten dogu.

Azken urteotan kirol-ekitaldi garrantzitsuak izan ditugu Euskadin. Horrek erakusten dau gaitasuna daukagula antolakuntza-erronka horreei aurre egiteko eta beti izaten dogu euskal herritarren ahalegina eta lankidetzea gure alde. Erronka horreek geugan hartzen ditugu, Euskadiren irudia nazinoartean indartzeko asmoz. 2026an Bilbon jokatuko diran errugbiko finalek barriro be aukerea emongo deuskue herri lez nazinoartean aurkezteko eta erronkeari ilusinoz aurre egin eta 2018ko finaletan izandako erantzun bikaina gainditzeko. Horretarako, beste batzuetan ikusi dogun bezela, oinarrizkoa izango dira erakundeen arteko lankidetzea eta herritarren laguntzea eta inplikazinoa, esan dau Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak.

Dominic McKay, EPCR erakundeko presidenteak, ondokoa adierazo dau izentapen biak iragarteko ekitaldian: Atsegin handiz adierazoten deutsueg Cardiff eta Bilbo izango dirala EPCR-ren 2025eko eta 2026ko finalak hartuko dituen uriak. 2026ko finalari jagokenez, Bilbora bueltetako gogotsu gagoz, izan be, errugbiaren egundoko ospakizunaren egoitzea izan zan 2018. urtean. Bilbo lako uri anfitrioia aukeratzeak islatzen dau gure asmoa, hau da, jarraitzaileentzat, klubentzat eta interesa daben alderdientzat esperientzia bikainak eskaintzea. Badakigu Bilbok ikusleak erakarriko dituala eta gure kirola zaletu gehiagorengana hurreratuko dauela, uri anfitrioi zoragarria baita.

Euskal erakundeek Cardiff zoriondu nahi izan dabe 2025eko finalak hartzeko izentau dabelako. Leku ikonikoa eta enblematikoa da errugbiarentzat eta Bilbok 2026an hartuko dau haren lekukoa.

Ez ahaztu San Mamesek beste kirol-ekitaldi historiko bi hartuko dituala datozen hileotan: UEFA Women's Champions League txapelketako finala 2024ko maiatzaren 25ean eta UEFA Europa League txapelketako finala 2025ean.

Kontuak kontu, Bilbo egoitza legez hautatzea historikoa izan zan 2018an, EPCRren finalen astegoiena lehen aldiz errugbiko sei nazino tradizionaletatik kanpo atondu zanean. Gloucester Rugby talde britainiarrak eta Cardiff Blues galestarrak inaugurau zituen Bilboko Europako finalak 2018an, Challenge Cupeko titulua lortzeko. Bestalde, Leinster Rugby talde ingelesak eta Racing 92 frantziarrak Champions Cupeko finala jokatu eben. Leinster Rugby taldeak Txapeldunen Kopako titulua eskuratu eban orduan eta Cardiff Rugby taldeak Challenge Cup txapelketearen garaikurra jaso eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu