Gaur hasiko da Bizkaia Frontoian eskupelotako Emakumezkoen VI. Bizkaia Txapelketea

Bizkaie! 2024-01-05 11:27   Kirola

Finala urtarrilaren 21ean jokatuko da, 12:00etan.

Esku-pilotako Emakumezkoen VI. Bizkaia Txapelketan ondokoak izango dira parte-hartzaileak: Aldai eta Capellán, Arrizabalaga eta Mendizabal, Garai eta Gaminde eta R. de Infante eta R. de Larramendi dira.

Gaur hasiko da esku-pelotako Emakumezkoen VI. Bizkaia Txapelketea, arratsaldeko 18:00etan, Bizkaia Frontoian. Arrizabalaga eta Mendizabal eta R. de Infanteren eta R. de Larramendi bikoteen arteko partiduagaz. Ondoren Aldai eta Capellánen txandea izango da Garai eta Gaminderen kontra. Torneoak Innpalak atontzen dau Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker.

Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasuna emakumeen kirola sustatzea da, erakundeak kirolaren arloan aukera-bardintasunaren aurrean dauen konpromisoa sendotuz. Testuinguru horretan, Leixuri Arrizabalagak, Euskera, Kultura eta Kirol foru diputaduak, Eskupelotako Emakumezkoen VI. Bizkaia Txapelketearen aurkezpenean nabarmendu dauenez: Txapelketa hau ez da bakarrik emakume bikain honeen talentuaren eta trebetasunaren erakustaldia, Bizkaiak kirolean ekidadeagaz dauen etenbako konpromisoaren testigantzea be badalako. Arrizabalagak autortu dau oso garrantzitsua dala emakumeek kirol-diziplina guztietan daben zeregina nabarmentzea, besteak beste, eskupelotan eta nabarmendu dau emakume horreek, aparteko jokalariak izateaz gan, eredu dirala etorkizuneko kirolarientzako. Horregaitik, txapelketa hau jokatzen daben pelotariek kontratu profesionala dabe.

Leixuri Arrizabalagak berretsi egin dau Bizkaiko Foru Aldundiak emakumeen kirola modalidade guztietan sustatzeko dauen konpromisoa eta azpimarratu dau txapelketa hau lurraldeko kirolaren historian aztarna ezabauezina ixten dagozan emakumeei eskaintzen jaken babesaren erakusgarria dala.

Eskupelotako Emakumezkoen VI. Bizkaia Txapelketea

Txapelketea urtarrilaren 5, 7, 14 eta 21ean jokatuko da Bizkaia Frontoian. Torneoaren formatua liga eta finaletakoa izango da; jardunaldi bakotxean partidu bi jokatuko dira 22 tantora. Partidua irabazten dauen bikoteak puntu bat lortuko dau eta galtzaileak, barriz, ez du punturik lortuko. Ligako lehen bi sailkatuak finalera igaroko dira, baina, zer gertatzen da bardinketea badago? Urtarrilaren 7an, eguerdiko 12:00etan bigarren jardunaldia jokatuko da, eta urtarrilaren 14an, 12:00etan, hirugarrena. Final handia urtarrilaren 21ean, 12:00etan, jokatuko da Bizkaia Frontoian.

Partidak ikusteko sarrerak Bizkaia Frontoiko leihatilan erosi ahal izango dira 3 euroan. Gainera Eskupelotako Emakumezkoen VI. Bizkaia Txapelketea Bizkaia Frontoiaren Facebook bidez jarraitu ahal izango da eta ETB1ek urtarrilaren 21eko finala eskainiko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu