Badakigu nortzuk diran 2023ko Getxoko Kirolari Onenaren Saria jasoteko hautagaiak

Bizkaie! 2024-01-05 08:22   Kirola

Eunate Etxebarria, Jonathan Castroviejo, Irene Pera eta Bosco Vilallonga dira.

Getxo Judo Klubeko Eunate Etxebarria judokea, INEOS Grenadiers taldeko Jonathan Castroviejo txirrindularia, Getxo Ugerketa Klubeko Irene Pera ugerlaria eta Real Club Jolaseta taldeko Bosco Vilallonga bedar hockeyko jokalaria dira Getxoko 2023ko Kirolari Onenaren saria eskuratzeko hautagaiak, Getxo Sasoi Sasoian kirolaren galan. XVII. edizinoa izango da eta sariak datorren martitzenean, urtarrilaren 9an, emongo dira Kirol Portuko itsas-bidaiarien terminalean.

Getxo Kirolak-eko teknikariak eta Getxoko kazetariak eta kirol alorreko adituak dituan epaimahaiak saridunen zerrendearen barri emon dau. Era horretan, banakako sari nagusietan Eunate Etxebarria sarituko dabe Espainiako Txapelketa Absolutuan, Espainiako Junior Superkopan eta Europako Junior Kopan lehen postua eskuratzeagaitik eta Espainiako Junior Txapelketan bigarren sailkatzeagaitik, beste titulu batzuen artean. Jonathan Castroviejo txirrindulariari jagokonez, aitatzekoa da bere seigarren garaipena Espainiako
Erlojupeko Txapelketan. Promesa kategoriako kirolarientzako sariei jagokenez, bestalde, Irene Perak Espainiako errekorra lortu eban bere mailan, bizkarreko 50 metroko modalidadean eta brontzezko dominea Espainiako Junior Txapelketan; eta, horreei esker, Espainiako selekzinoaren deia jaso dau. Bosco Vilallonga hockey jokalariak, Jolaseta Klubagaz denporaldi ona egin ondoren, Espainiako 21 urtez azpikoen selekzinoak deitu eban Dusseldorf-eko Nazinoetako IV. Txapelketan jokatzeko, eta brontzezko dominea irabazi
eban.

Taldekako sarietan, aurten Raspas Arraun Alkarteko emakumezkoen 4x taldeak, Esther Briz, Virginia Diaz, Izaskun Etxaniz eta Maialen Mielgok osotuak, jasoko dau saria, Espainiako Txapelketan lehen postua lortzeagaitik. Promesa kategorian, sariak honako honeentzat: Jolaseta Klubeko bedar hockeyko umeen taldea, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan birritan irabazteagaitik eta Getxo Errugbiko 14 urtez azpikoen gizonezkoen taldea, Liga eta Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazteagaitik.

Sari bereziak: Marka Hautsiz Xabier Martin hockey jokalariari emongo jako; Kiroltasuna Jonkar Rey kirol-
kazetariari; Getxo Berrituz Getxo Swim Camp klubak jasoko dau; Broker Kirol enpreseak Getxo Zabala; Etorkizuna Mendi Taldeak atondutako Etorki Mendi Trail probeak Bardintasuna Indartuz; eta, azkenik, Carlos Ruizek Aitzindariak saria, besteak beste, Athletic Club eta Bartzelonako RCD Espanyol futbol taldeetan egindako ibilbideagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu